Etiquetas
Aitzol, Berria, Edurne Albizur, Egunkaria, Estepan Urkiaga, ETA, Eugenio Olaciregui, GAL, Garaiz gabiltz, Jose Ariztimuño, Lauaxeta, Laura Mintegi, Mikel Albizu, Nork bere egoerak bizi du, Noticias de Gipuzkoa, Sarrionaindia, sufrimenduaren sozializazioa
Gure kide den Edurne Albizuk hau idatzi zuen Laura Mintegik Berria egunkarian argitaratu artikuluari erantzuna eman nahian. Egunkariko zuzendaritzak ez argitaratzea erabaki zuen, eta horregatik beste hedabide batzuetara bidali zuen. Maiatzaren 1ean agertu zen “Noticias de Gipuzkoa” egunkarian.
“Nor bere egoerak bizi du” izenburua duen euskal idazle batzuen paradari buruz aritu zara era xamurrean. Euskal kutsua zuten eta abertzaleak ziren aipatu dituzunak. 1936an faxistek agindutako bidegabekeriak mahai gaineratu dituzu, besteak-beste Estepan Urkiaga “Lauaxeta”ren fusilatzea, Jose Ariztimuño “Aitzol”en fusilatzea, Egunkariaren legez kontrako itxiera eta abarri buruz aritu zara, ez duzu arrazoi faltarik, dudarik gabe euskal literaturari eta idazleei hegoak eta eskuak ebaki baitzizkien, bizitza kendu zieten.
Ondoren Sarrionaindia eta Mikel Albizu “Antza” aipatzen dituzu eta niri behintzat eta askori, nahiz eta oraindik ez ausartu zuri horrelakorik idaztea, erakutsi duzun fribolitatearen aurrean tripak nahastu zaizkidala aitortu behar dizut.
Euskal kulturan zorionez, ez dira denak, Laura Mintegi bezala, ETAren babespean morroi izatera mugatu. Izan dira, 1980ko 33 intelektualen “Garaiz gabiltz” edo 2000. urtean 140 intelektualen “Isiltasuna ez da aterpe” agirietan herritarren fusilatzeen aurka egin zutenak ere.
Sarrionaindia dela eta, jakin dudanez, kartzelatik atera eta Iparraldean ETAn ikusi zuenarekin desilusionatuta Kubara alde egin zuen. Han lana, familia, bizitza eta segurtasuna bermatuz, bere irakurlegoari urtean liburu bat eskainiz aritu da. 2011n ETA bukatu arte ez zuen esan, ETAk 20 urte lehenago bukatu behar zuenik. 20, 25…? Zergatik 20? Hori da euskal kulturak behar duen hausnarketa? Berak erabaki zuen “Sarri” edo Sarrionaindia izan.
Mikel Albizu “Antza”ren erabakia berriz, 19 urtez, atxilotua izan zen arte, heriotz zigorraren metodoa idaztea izan zen. Mikel Albizuk, frankisten modura, hauen antzeko metodoak erabiliz, Euskal Herriko eta kanpoko biztanleak fusilatzeko, exekutatzeko metodoa idatzi zuen. “Sufrimenduaren sozializazioa” du izenburua, metodo honen aditzerarik ba al duzu? Euskal Herrian herriz-herri Batasunaren herri batzarretan zabaldu zen eta ETAk bere gain hartu zuen.
“Metodo” hau, literatur idazleekin jarraituz, nik, errealitate gordinak jasotzen dituen literatur mailan daukat sailkatu beharra. Izan ere Mikel Albizuk idatzitako “Sufrimenduaren sozializazioa”ren metodoa aplikatuz, nire etxeko bat hil zuen ETAk. Donostiako Egian jaioa bera eta Egia eta Aiete artean bizi izan zen gazte denbora guztian, Egiako Txirrindu Elkarteko kidea ere bazen eta halabeharrez Andoaina joan zen bizitzera bere familiarekin, garai hartan langile xumeen familiei esleitzen zizkieten etxebizitza sozial batera, ezkondu zen arte.
ETAk bala baten bidez, inoiz egin ez zuen dei bat egin zuela salatuz, burua laurkitu zion, eta egun, Egiako Ametzagaina inguruan dagoen Polloe hilerrian dago ehortzita.
Kontuak horrela, herri honen ona nahi dudalako eta guretzat eta gure seme-alabentzat gorrotorik gabeko etorkizuna eraikitzeko ardura dudala sentitzen dudalako, ETAko kideak izan eta autokritika sakona egin dutenekin hitz egin ez ezik, etorkizuna eraikitzeko bidelagun izan nahi ditut, edozein indarkeriaren deslegitimazioan bidelagun. Gure artean gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak mahai gaineratu eta salatzea nire ardura ere badela ulertzen dut (ETAk eragindako biktimak, torturatuak, GALen eta inguruko taldeen biktimak, extorsionatuak, bahituak, bere iritzi politikoa emateagatik erailak, baztertuak izan diren herritarrak, bertsolariak, abeslariak, idazleak…, gogoz kontra greba egin arazi zitzaien dendari, tabernari, enpresari…) eta egia, justizia eta erreparazioa eskatzea ere bai, kasu guztietan. Horregatik, ez nago prest giza eskubideak urratu dituztenen astakeriak, norbere katekoak direnean ere ezkutatzeko. Zuk hori egin duzu.
EDURNE ALBIZU ORMAZABAL, Eugenio Olaziregiren senitartekoa.