Etiquetas
Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala, Bakearen Aldeko Koordinakundea, bergizarteratzea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Busot, CESID, demokrazia, El Mundo, El País, Elizabeth Huerta, Enrique Rodríguez Galindo, ETA, GAL. BVE. Gesto por la Paz, Inork ez du erahiltzeko eskubiderik Estatuak ere ez, Iturbide eta Zabala, Jesús García García, Joaquín Giménez, José María Lidón, Joseba Pagazaurtundua, Joxean Lasa, Joxi Zabala, Juan Mari Bandrés, Juan Mari Jauregi, Julen Elorriaga, La SER, Lasa eta Zabala, Maixabel Lasa, María Jauregi, Noticias de Alava, Noticias de Navarra, Pili Zabala, presoen hurbilketa, RTVE, Si la democracia mata la democracia muere, tortura

Enrique Rodríguez Galindo
Pasa den otsailaren 14an, pandemia gogoangarri honek ekarri digun Enrique Rodríguez Galindoren heriotzak, “Si la democracia mata, la democracia muere. Inork ez du erahiltzeko eskubiderik, Estatuak ere ez» leloa ekarri digu gogora. 1990eko hamarkadan Gesto por la Paz, Bakearen Aldeko Koordinakundearen leloa izan zen hura. Estatuak berak GALen bitartez burututako terrorismoaren inguruko egia eta justizia eskatzeko leloa. Gure oroitzapenetara bueltatzen da, nola ez, zendu den jeneral ohi honek kriminal bihurtzeraino perbertitu baitzuen bere erantzukizun publikoa. Aurretik Batallón Vasco Españolen (BVE) eta errepresio frankistarekin gertatu izan zen legez, GALen ekintza bakoitzarekin demokrazia bahitu, torturatu eta erailtzen zen.
Si la democracia mata, la democracia muere. Inork ez du erahiltzeko eskubiderik, Estatuak ere ez
Rodríguez Galindoren figuraren inguruan, elkarren artean erlazionaturiko eta elementu amankomuntzat demokrazia suntsitzea duten hainbat krimen aurkitu daitezke. Bitxia bada ere, demokrazia indartzeko helburuarekin, Estatu terrorismoaren aurka gehien borrokatu zirenetako hainbat, ETAren eta jeneralaren mehatxupean egon ziren.

El País. Jesús García García
1983ko urriaren 15a memoria kolektiboan era lazgarrian markatutako data da. Egun horretan GALek bere ibilbideari ekin zion, Baionan, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketarekin. Ondoren, Intxaurrondoko kuartelean eta Donostiako “La Cumbre” jauregian jasandako tortura basatien ondorioz zer egoeratan zeuden ikusita, Galindok eta Julen Elgorriagak, biak ala biak, erailtzea eta desagerraraztea erabaki zuten. Azken hau, Busoten, Alacanten gertatu zen eta hantxe izan ziren bi gazteen gorpuak karean lurperatuta eta bi familia oso, guztiz suntsituta, harik eta 1995ean Alacanteko Polizia Nazionaleko Jesús García García komisarioari esker gorpuak identifikatu ziren arte. Azken hau, Galindoren aurkako lekukotza ematen hil zen tribunal aurrean, bihotzekoak jota, izugarrizko presioa jasaten ari zela.
90eko hamarkadaren bigarren erdialdean, Goardia Zibileko, Polizia Nazionaleko, CESIDeko eta Barne Ministerioko instantzia gorenetako kideek GAL talde terroristaren sorreran, zuzendaritzan, finantzaketan eta estalketan izandako inplikazioa ikertzen aritu ziren, bai kazetaritza mundutik baita Auzitegi Nazionalekoen partetik ere. Epaiketa zigorrak 2000ko apirilean iritsi ziren eta 2001eko eta 2002ko uztailean berretsi zituzten, Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak, hurrenez hurren.
Estatu Terrorismoaren aurka egiteagatik Galindok bere jomugan zituen hainbat pertsona erailtzen ditu ETAk.
Demokrazia hain luzaroan kutsatzen zebiltzanen gainetik demokrazia bera gailentzen zen urte berorietan, Estatu Terrorismoaren aurka egiteagatik Galindok bere jomugan zituen hainbat pertsona erailtzen ditu ETAk.

Maixabel Lasa y María Jauregi
2000ko uztailean Juan Mari Jauregiren erailketa izan daiteke esanguratsuena. Tolosan hil zuen Juan Mari ETAk. Frankismoaren aurkako militantea eta Basauriko espetxean beste preso batzuei euskara-eskolak ematen zizkien preso politikoa; Gipuzkoako Gobernadore Zibila eta, horrenbestez, Galindo eta haren jarraitzaileak GALagatik ikertu ahal izateko funtsezko pertsona; bere partehartzeari esker Lasa eta Zabala auziko epaia posible egin zuena. Maixabel emazteak eta Maria alabak urte batzuk geroago adierazi zuten bezala, jasan beharreko ondorioen jakitun zen Juan Mari Jauregi: «Ez dakit nork hilko nauen, ETAk edo Galindok berak». Galindo jeneralak berak hilko zuenaren beldur zen, baina ETA aurreratu zen. Hori bai, biak ala biak arrazoi berdina medio: bere demokraziarekiko atxikipena. Bere hilketarekin, aurretik Lasa eta Zabalarenekin bezala, demokrazia erailtzea zen helburu.
Baina Jauregi ez zen bakarra izan. 2001ean zerbitzu publikorako bokazioa bere biziarekin ordainarazi zion ETAk Jose María Lidoni. Lidon Lidón izan zen, Elizabeth Huerta instruktorearekin batera, 80ko hamarkadan “Linaza auzia” esanguratsuan, hamabi goardia zibil, koronelak barne, torturengatik auzipetu eta kondenatu zituen lehen epaileetako bat.
Handik gutxira, 2003an, ETAk Joseba Pagazaurtundua erail zuen. Andoaingo udaltzain gisa egin zituen ikerketak lagungarri izan ziren Iturbide eta Zabalak osatzen zuten trantsizio garaiko eskuin muturreko Batallón Vasco Español talde terroristako talde eragile nagusietako bat desegiteko. Talde hori, heriotzaren triangelu bezala ezagutzen zen eremuan (Urnieta, Hernani eta Andoain) ezker abertzaleko hainbat militante eta ordezkari publiko erail zituen talde berbera izan zen.
Bandres: askatasunagatik hiltzen da, baina ez da akatzen
Izan ere, jeneralaren itzala hain zen luzea, non zikindu zuten demokraziaren izenean hil eta torturatu zuten goardia zibilak ikertzera eta kondenatzera ausartu ziren epaileek ere mehatxuei aurre egin behar izan zieten. Joaquin Giménezek, garai haietan Gipuzkoako eta Bizkaiko Probintzia Auzitegietako presidentea zenak, zehatz mehatz azaldu izan du. Galindo izan zen, 1986ko ikasturte judizialaren irekieran Bandres eta bere “askatasunagatik hiltzen da, baina ez da akatzen” aipatzea aurpegiratu ziona. Galindo zen inpunitate osoz epaileak jazartzen zituena, Audientzia dozenaka ibilgailu militarrez inguratuz, goardia zibilak deklaratzera deitzeagatik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari babesa eskatu behar izateraino. Epaile horietako bat Joaquín Giménez bera zen, 18 urtez indarkeria eta tortura kasuak epaitzen aritu ondoren, bere hilketa zehaztasunez planifikatuta zuen ETAren mehatxuengatik Euskaditik alde egin behar izan zuena, ETAko presoak Euskadira hurbiltzea eta bergizarteratzea defendatzen duen epaile bera.

Mikel Zabalza
Estatuko funtzionario batzuk hilketa eta tortura izugarrizko hutsalkeriaz darabilten argitaratu berri den elkarrizketak inpunitatea noraino errotua zegoen argi azaleratzen du, 1985ean jeneralak bihozgabe zuzentzen zuen Intxaurrondoko kuartelean Mikel Zabalza hil zuen poltsa bezain itogarria izateraino.
Joxi Zabalaren arreba den Pili Zabalak honako hau zioen Galindoren heriotzaren harira: “Biktima eta hiltzaileak betirako lotura izango dute, bai ala bai; gure abizenak elkarren ondoan egongo dira Galindok nire anaia gogorarazten didan einean”. Galindoren izena Estatu demokratiko batek terrorismoaren aurkako borrokan egin behar ez duenaren sinbolo gisa gelditu bedi. Ezin dugu bere itzalpean Lasa, Zabala, Zabalza eta beste horrenbesteren istoriak errepikatzeko tentaziorik utzi.
Galindoren izena Estatu demokratiko batek terrorismoaren aurkako borrokan egin behar ez duenaren sinbolo gisa gelditu bedi
Euskadin demokrazia defendatzea terrorismo mota guztiei aurre egitea zen. Gure herrialdean luzaroegian erail da: diktadura garaian, demokraziaren aurka, baita bere izenean ere. Hilketa politiko orok pertsonarekin batera demokrazia erailtzen zuen. BVE, GAL edo ETA izan, bahitu, torturatu, mehatxatu eta erail dutenak saiatu dira demokrazia hiltzen. Eta demokrazia horrek, hainbeste erasoren ondoren iraun badu, ez da twiterren goardia zibilen elkarte jakin batek dioen bezala, Galindo jeneralari esker izan; bere kontra eta zituen jarraitzaileen kontra aurre egin zieten pertsonen konpromezuari esker baizik, Juan Mari Jauregi, Joseba Pagazaurtundua edo Jose Maria Lidón bezalako pertsonei esker, hain zuzen ere. Ez dezagun ahaztu.
Eta demokrazia horrek, hainbeste erasoren ondoren iraun badu, ez da Galindo jeneralari esker izan; bere kontra eta zituen jarraitzaileen kontra aurre egin zieten pertsonen konpromezuari esker baizik, Juan Mari Jauregi, Joseba Pagazaurtundua edo Jose Maria Lidón bezalako pertsonei esker, hain zuzen ere. Ez dezagun ahaztu.
Sergio Campo, Sabin Zubiri, Xabier Mugarza – Gogoan, por una memoria digna
Artikulu hau Berrian argitaratu zuten Otsailaren 25an