Etiquetas

, , , , , , , ,

Zer eskatzen du herriak? / Askatasuna! / Zer eskatzen du herriak? / Presoak kalera! / Zer eskatzen du herriak? / Txakurrak barrura! / Zer eskatzen du herriak? / Gora Euskadi askatuta!

Gora Euskadi sozialista, gora… gora Euskadi askatuta!

Horrelakoak eta antzerakoak sarri entzuten eta abesten genituen gure ume denboran. 70. hamarkada zen eta 40 urteko diktaduratik ateratzen ari zen estatu espainiarra. Apurka-apurka demokrazia iritsi zen, bere handitasun guztiarekin. Batzuen iritziz trantsizioan gauzak lotuegi utzi ziren, zenbait aukera politikoren alde zeudenen asmoak betetzea ezinezkoa bilakatuz, beste batzuentzat aldiz, marko eta gobernamendu berriak ideia guztiak garatzeko abagunea eskaintzen zuen. Dena den ukaezina da demokraziarekin askatasuna eta eskubideak berreskuratu zirela, eta herrialde aurreratuetan gertatzen zen bezala subiranotasuna herrira bueltatuko zen eta erabakiak gehiengoaren babesarekin hartuko ziren.

Eta askatasun haizea gure ate eta leihoetatik sartzen hasi zenerako, bitxo txar bat sartu zitzaigun zirrikituetatik zehar ia konturatu barik: ETA talde terrorista. Ezin dugu ahaztu ETAren adar politikoak ez duela inoiz, ezta hurrik eman ere, gobernatzeko gehiengorik lortu, baina ETAren pistola eta bonben laguntzarekin neurriz kanpoko eragina lortzen ahalegindu zen gure gizartean, askotan herriaren ahotsa izango balira bezala agertuz: demokrazian hiritarren babesak ematen duen derrigorrezko zilegitasunik izan gabe, eta inongo zilegitasunik ez duen indarkeriaz baliatuz. “Aita” Francoren agintekeriatik emantzipatzen hasiak ginenean, ETA “anai nagusiak” sartu zuen muturra, askatasun mozorro koloretsuarekin jantzita, etxean bizi ginenon borondatea eta burujabetza gutxietsiz bere nahia bortxaz ezartzeko.

Ez zuten Euskadiko eta Nafarroako gizartearen babesik, baina indarkeriaren laguntzatxoari esker eta propaganda sektario eta gezurrezkoa jaurtitzen zuen makineria indartsu bat martxan jarri ondoren, politikan, kulturan eta gizarte mugimenduetan bilatzen zuten eragina izatea lortu zuten, hauek euren nahierara maneiatuz, eta kalean idatzi honen hasieran aipatzen dugun kantuan jasotzen ziren aldarrikapenak baino ez ziren adierazten, gizarte oso bat balego bezela aldarrikapen multzo trinko horren atzean. Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua deitu zioten beren buruari eta kaleaz jabetu ziren.

indarkeriaren laguntzatxoari esker eta propaganda sektario eta gezurrezkoa jaurtitzen zuen makineria indartsu bat martxan jarri ondoren, politikan, kulturan eta gizarte mugimenduetan bilatzen zuten eragina izatea lortu zuten

Euren propagandaren behelainoak errealitatea distortsionatzen zuen, eta eginahalak eta bi egiten zituzten gauzak ondo nahasteko: gatazka politikoa indarkeriaren erabilerarekin, eta beraien hurbilekoen giza eskubideak aldarrikatzen zituzten beste askoren eskubideen urraketa bultzatu eta babesten zuten bitartean. Gatazka politikoari dagokionez esan beharrik ez dago demokrazian ezadostasunak eztabaida eta akordioen bidez bideratzen direla. Eta zer osasuntsua den gatazka politikoa! 40 urtetan zehar bahituta izan zuten, hiritarren borondatearen gainetik zeuden “iluminatu” batzuk hala erabaki zutelako, bazekitelako euren ideologia totalitarioa eta erregimen faxista zirela herriarentzat onena, eta hiritarrek adin-nagusitasuna berreskuratu zutela zirudienean beste “iluminatuak” etorri ziren, politika, gizarte mugimenduak eta kultura pozointzera, eta guztia usteldu zuten.

Eta giza eskubideen defentsan sektario hutsak ziren arren, zoritxarrez frogatuta geratu zen askotan salatzen zuten bezala, torturak eta tratu txarrak egon zirela eta estatu terrorismoak ere izugarrikeria ugari egin zituela, guzti horrek suposatzen zuenarekin: biktima horiei eragiten zitzaien oinazea eta mina –batzutan heriotza eragiteraino- eta zuzenbide estatuari egiten zitzaion kaltea.

Baina bazegoen beste errealitate gordin bat, kaleko mobilizazioetan salatzen ez zena, publikoki inork gutxik aipatzen zuena: ETAren hilketak, bahiketak, estortsioa, mehatxuak… Eta zergatik ez zen honetaz hitz egiten? Agian ETA zelako indarkeria guzti horren egilea? Agian ETAk eta bere adar politikoak mugitzen zituztelako gizarte-aldarrikapenen hariak? Agian beldurra sartu zigutelako? Agian aipatutako propaganda bere eragina egiten ari zelako gure gizartean?

Onartu beharra dago bere burua askapen mugimendutzat zeukan honek eskaintzen zuena oso erakargarria zela, batez ere gazteentzat, gazte izateko erarik benetazkoena eskaintzen zutela saltzen zigutelako, eta aldi berean gazteak behar zituzten euren militantzia hornitzeko. Baina militantzia hura ez zen nolanahikoa, indarkeria erabiltzea edo zilegitzea normaltasunez onartzen zen, eta balore etikoak albo batera uzten ziren. Eta herri eta auzo guztietan zeuden gazteen buruak berotzera eta neska-mutilen buruak jatera dedikatzen ziren elementuak, eta asko erori ziren euren sareetan: gazte pilo bat erradikalizatu zen, asko kaleko istiluetan eta kale borrokan parte hartzera iritsi ziren, eta beste batzuk ETAren barruan bukatu zuten. Zer gutxi hitz egin den radikalizazio prozesu hauetaz, zer gutxi aipatu den guzti honek euskal gazteriari eragin dion kalte ikaragarriaz. Zenbat gazte alperrik galdu ziren. Guzti honek hausnarketa sakona merezi du, eta ez dirudi askoren lehentasunen artean dagoenik.

Zer gutxi hitz egin den radikalizazio prozesu hauetaz, zer gutxi aipatu den guzti honek euskal gazteriari eragin dion kalte ikaragarriaz. Zenbat gazte alperrik galdu ziren. Guzti honek hausnarketa sakona merezi du, eta ez dirudi askoren lehentasunen artean dagoenik.

Gu geu ere aipatutako behelaino horretan hazi ginen, baina zorionez etxekoek eta ingurukoek eskutik helduta geunzkaten lanbro artean ez galtzeko, eta indarkeriaren aurkako mezu argiak igortzen zizkiguten. Dena den ez zen zaila nahastea eta nahiko ohikoa zen gurasoak baino aurrerakoiagoak izateko nahiak bultzatuta, “askapen” mugimendu horrekin kidetzea.

Hatan-horretan Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea sortu zen eta gizarteko eremu batzuetan indarkeriari buruzko hausnarketa bultzatzen lagundu zuen, eta begi bistan egon arren gizartean inor gutxik ikusi nahi zuen errealitatea aurrez-aurre jarri ziguten: ETAk ia egun birik bat norbait hiltzen zuela. Baina pertsona hauei bizitza kentzen zitzaien arren, zeukaten guztia, ez ziren aintzakotzat hartzen, eta horretaz gain “erruduntasun” presuntzio iraingarri bat ezartzen zen euren gain: ziur ETAk egin zuena egiteko arrazoiren bat izango zuela.

Beraz gure bakearen ibilbidea argitu zuen lehen argitxoa printzipio etiko bat izan zen, oinarrizkoena: “ez duzu inor hilgo”. Printzipio horietan dago guztien onaren eta elkarbizitzaren estalpea eta gure beldur eta zalantzen gainetik jarri genituen. Eta martxan jarri ginen eta Gestok deitutako isiluneetara joateari ekin genion, zeinek biderako mapatxo bat eskaini zigun, eta ibilbidea zaila iruditu zitzaigun arren ausartu egin ginen eta kalera atera. Urteetan zehar bizitzeko eskubidea, pertsonei zor zaien errespetua, bakea, justizia, askatasuna eta elkartasuna bezalako printzipioak landu genituen, gure errealitatera aplikatuz, eta gizartea aldatzeko ahalegina egin genuen gure ekintza eta hausnarketekin.

ibilbidea zaila iruditu zitzaigun arren ausartu egin ginen eta kalera atera

Hasieran gizabidezko erantzukizunak eragin zigun, Bakearen aldeko Koordinakundearen bilkuretara joaten ginen baina askotan ez genituen biktimak hurbil sentitzen. Baina iritsi zen hurko biktima eta berarekin batera besteak ere gertukoak bezala sentitzen hasi ginen. Ondoren atsekabea etorri zen, hildakoengatik, bahitutakoengatik, senitartekoengatik eta biktimekin enpatizatzen hasi ginen, eta denborak aurrera egin ahala sumindura sentitu genuen, eta guzti hura erabateko injustizia zenaren uste osoa. Eta emozioek arrazoiarekin bat egin zutenean indartsuagoak bilakatu ginen eta gero eta argiago geneukan hartutako bidea zuzena zela.

2 de febrero de 1992

Idatzi honetan nire esperientzia pertsonala jasotzen dut, baita bidelagun izan ditudan beste askorena ere, eta hemen partekatu nahi izan dut norbaitentzat lagungarria izan daitekelakoan. Nire ustez ezinbestekoa da gertatutako guztia printzipio etikoen argitan aztertzea, egin duguna eta egin gabe utzi duguna begiratzea. Inoiz ez da berandu eta gizarte honi zor diogu, batez ere gure ondorengoei, zeren eta gertatutakoa aztertzen ez badugu, akatsak zuzentzen ez baditugu, gertatu dena ahazten badugu, baliteke jazotako guztia berriz gertatzea. Esan dezagun zintzotasunez: Gure etorkizuna iraganaren isla izatea nahiko genuke? Erantzuna ezezkoa bada zerbait egin beharko dugu. Eta pertsona batzuk, euren ekintzengatik eta azken hamarkadetan gertatutakoaren inguruan duten erantzukizunagatik autokritika sakona egin beharko lukete, hau izango litzateke gure gizarteari, beraien gizarteari egin liezaioketen ekarpenik onena. Hau ez da konpontzen “mundu guztiak du erantzukizuna” edo “guztiok egin ditugu akatsak” esanda, hori bait da ezer ez aldatzeko formula perfektoa, zeren eta autokritikarik ez badago, norberak bere erantzukizuna bere gain hartzen ez badu, gertatu den guztia balekoa da eta ez dago hobetu beharreko ezer.

Amaitzeko esan beharra dago istorio honetan guztiok atera garela galtzaile, batez ere biktimak, beraiek jasan dutelako indarkeriaren eraso gordina, baina gizartea ere oso ukituta geratu da, sarritan oinarrizko baloreak alperrik galdu direlako eta azken hamarkadetako indarkeriak bere arrasto beltza eta sakona utzi duelako.

istorio honetan guztiok atera garela galtzaile, batez ere biktimak, beraiek jasan dutelako indarkeriaren eraso gordina, baina gizartea ere oso ukituta geratu da

Idatzi hau Maixabel Lasak bere senarraren hilketaren 20. urteurrenean esandako hitz argiekin bukatuko dugu: “Ezin zaio hurrengo belaunaldiari utzi gertatutakoa ez zela inoiz gertatu behar esatearen fardela. Hori besterik ez «.

Ezin zaio hurrengo belaunaldiari utzi gertatutakoa ez zela inoiz gertatu behar esatearen fardela. Hori besterik ez

 


Maite Leanizbarrutia Biritxinaga

Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide ohia eta “GOGOAN-Por una Memoria digna” taldeko kidea.