Gure instituzinoek memoria eta biktimen inguruan egun bi finkatu dabez: Eusko Jaurlaritzak ezarritako Memoria Eguna (azaroaren/zemendiaren 10ean) eta Espainiako Ley de Memoria Democráticak ezarritakoaren arabera urriaren 31n  Día de recuerdo y homenaje a las víctimas del Golpe Militar, Guerra y Dictadura egunen inguruan antolatu dira ekitaldi biak.

Urriaren 28an, eguaztenean 18:30ean Kultur Etxean, Pello Salaburuk berak idatzitako “Un panfleto contra el olvido” (2026) liburuaren harira gauzatuko dau berbaldia, batez be bizikidetzan zeintzuk diran eskasiak eta erronkak, memoria, zoru etikoa, indarkeriaren deslegitimazinoa…. eta ahanzturaren/atzenduraren arriskuak aztertuko dabezala.

(Erein 2025- “Panfleto bat atzenduraren kontra”). Historia ahanzturaren gainean eraikitzen da: ahantzi dezagun orain arte gertatua, bueltatu dezagun orrialdea. Orain beste pantaila batean gaude: aitzinari, ez gibelari, behatu behar diogu. Egiteko dugunari. Horrenbeste da hori! Ez gaitezen iraganarekin baraturik gelditu.

Hala gertatu izan da ia beti. Zoritxarrez. Zeren, hori eginik, gizarteak ordaintzen duen prezioa handiegia baita. Hasteko, biktimekin gertatzen dena. Biktimek berriz ere sentitzen dute zapalketa beren gainean, bigarren aldiz. Aitzinera bakarrik behaturik, ekuaziotik kanpo gelditzen dira. Eta gizartearentzako ere kostua izugarria baita: gure arteko bizikidetza duintasunean bakarrik eraiki daiteke.

Liburu hau gai horren inguruan munduko parte anitzetan gertatu diren erreferentziaz betea dago. Egileak hemengoa du buruan, jakina. Baina Irlanda, Italia, Frantzia, nazismoren ondoko Alemania edo Estonia, lehenagoko Jugoslaviatik sortu estatu berriak… Besteak beste, toki horietako hiritarren historia pertsonalak etengabe gurutzatzen dira liburuaren orrialdeetan.

Ikusteko, ikasteko, ez atzentzeko. Biktimak gogoan.

Azaroaren 6an, barikuan, 20:00etan Lizeoteka-Lizeo antzokian “GAL. En nombre de la razón de Estado” izeneko dokumentala proiektatuko da. Sylvie Garat. Frantzia (2025) (52’) ZINEXIT 2026.

Sylvie Garat errealizadore frantsesa da, ikerketa-dokumentaletan eta memoria historikoan espezializatua. Bere lanek, oro har, gatazka politiko eta sozialak, estatu-indarkeria, biktimen memoria eta justiziaren, botere politikoaren eta komunikabideen arteko harremanak jorratzen dituzte.

“GAL, en nombre de la razón de Estado” dokumentalean, Garatek ikerketa-ikuspegi argia hartzen du: ikus-entzunezko artxiboak, dokumentu judizialak eta kazetariekin, abokatuekin, epaileekin eta biktimen senideekin egindako elkarrizketak baliatuz berreraikitzen ditu gertakariak.

Dokumentalaren tesi nagusia ETAren aurkako borrokaren testuinguruan kokatzen da; Espainiako Estatuko zenbait sektorek legez kanpoko metodoak erabili zituzten haren aurka egiteko, eta horrek ondorio zuzenak izan zituen Frantziako lurraldean.

Filma aitortua izan da bere zorroztasun dokumentalagatik, gertakariak Frantziako ikuspegitik lantzeagatik eta Estatuaren jardunari buruz egiten duen interpretazio politikoagatik.