Maite Leanizbarrutia Biritxinaga

1996ko otsailaren 14an, ETAk Francisco Tomas y Valiente hil zuen; Zuzenbidearen Historiako katedraduna eta idazlea zen, bai eta Konstituzio Auzitegiko presidentea izandakoa ere.

Handik hilabetera Euskal Herriko Unibertsitateak omenaldia eskaini zion. Bertan Pello Salaburu errektoreak hitzaldi duin eta ausarta irakurri zuen: «Ez dira pasatuko». «ETAko hiltzaileak eta horiek botoekin babesten dituztenak ez dira pasatuko, eragotzi egingo diegulako», esan zuen, eta «gizartearen aurka ankerkeriaz aritzen direnei» hitz egin zien, «Siziliako politika egiten dutenek frogarik gabe salatzen dute, ondoren beste norbaitek akusatua hil dezan. Jakin dezatela gero eta nazkatuago gaudela eta euskal gizarteak jada ez dituela jasaten umezurtz-ereile horiek», adierazi zuen.

Horretaz gain, erakundeei eskatzen zien legea bete zezatela, herritarrei mehatxu totalitarioei erantzun ziezaietela, eta alderdiei demokrazia hauteskunde-kalkuluaren aurretik jar zezatela. Eta garai hartan ohikoa zen bezala istiluak izan ziren Bakearen Aldeko Koordinakundeak deitutako elkarretaratzearen hasieran, Jarraiko gazte batzuek harriak botatzen hasi zirenean bakezaleen aurka: hildako irakaslearen omenezko ekitaldi akademikoaren aurka harrika protesta egitea zen beraien helburua.

1996. urtea zen eta Pello Salaburuk aurre egin zion ETAri eta bere inguruari euskal unibertsitate publikoan. Hala ere, une eta leku hartan egin zuena egitea batere erraza izan ez arren, Pellorentzat giza eskubideen eta bakearen aldeko ibilbidean urrats bat ematea baino ez zen izan, eta orain beste oinkada bat ematen du liburu ausart hau idazteko: gizon handi hari eskaini zion hitzaldia bezain liburu ausarta.

Bertan, iragan hurbileko gertaerak atzenduran lurperatzeari buruz hausnartzen du. «Koiuntura soziopolitiko traumatikoak bizi ondoren, isiltasunez estali ohi dira historiaren pasarte deserosoak. Nahita egiten da, eta, horrela, atea irekitzen zaio bidegabekeria berri bati gure bizikidetzan. Eta biktimak dira beti galtzailerik handienak, berriro biktimizatzen direlako «.

Historia errepasatzen du eta aldi berean bere gogoetak tartekatzen ditu, istorioak kontatzen ditu eta ezabatu diren batzuk aipatzeaz gain, idatzi ez diren beste hainbeste gogoratzen ditu. Eta biktimek liburu osoa zeharkatzen dute: ETAren biktimak, GALenak, polizia gehiegikeriak pairatu dituztenak, frankismoarenak, sexu gehiegikerien biktimak, nazismoarenak, aliatuenak, eta goraipatuak izan ziren beste biktima batzuek biktimizatu zituztelako errekonozimendurik izan ez zuten biktimak besteak beste. Beste hainbat gai ere ukitzen ditu, hala nola gizarte eta herritarrek indarkeriaren aurrean izan duten erreakzioa, biktimen memoria ezkutatzea eta borreroena goraipatzea, hizkuntza zaintzea, adierazpen askatasuna, intolerantzia eta erantzukizuna.

Estereotipoak apurtzen saiatzen da (urteetan nazismoaren konplize bat omendu zuen buruzagi aurrerakoi bat aipatzen du, bai eta doilorkeria hari amaiera eman zion buruzagi kontserbadorea ere), eta beste leku batzuetan gertatu arren hemen ere jazo ziren gertaerez aritzen da: «Beldurra gizartean ezartzen denean, gobernu-modu ikusezin bihurtzen da azkenean. Norbait metrailatu kalean eta inortxok ezer ikusi ez. Isiltasuna bizirauteko sen bihurtu zen».

Gizarte batzuetan basakeriak errutina bihurtu ondoren isiltasuna eta ahanztura etorri ziren. Eta testuliburuek ez dute gertatutakoa jasotzen. Gure artean ere pasatzen ari da, ia ez baitago biktima hezitzaileak beren geletara eramaten dituen ikastetxe publiko edo ikastolarik. Biktimek traba egiten dute. «Historia ezkutatzeko eta azken garaietan gertatu dena ahazteko erabilitako mekanismoak, funtsean, beste leku batzuetakoak bezalakoak dira, nahiz eta ideologia desberdin eta itxuraz aurkakoez mozorrotuta egon». Salaburuk ez du hori esaten kontzientziak lasaitzeko edo erantzukizuna kendu edo murrizteko, baizik eta batzuetan onartu ezin dena onartzen dugula ikus dezagun.

Memoria selektiboari eta historia ezabatzeari dagokionez, hausnarketa hau egiten du: «Gertaera batzuk, historia zikindu arren -edo, horregatik, hain zuzen ere-, ez dira inoiz ahaztu behar. Oroimenak isiltasunari amore ematen dionean, historiak bere akatsak setakeria tragiko batez errepikatzen ditu. Memoriarik ezak ez du iragana ezabatzen: berriro deitzen du, beste izen eta aurpegi batekin, baina funts berdinarekin «. Egiari aurre eginez bakarrik sendatzen dira zauriak. Izan ere, ahanzturak ez du ezer konpontzen, aitzitik arazoak konpontzea eragozten du.

Liburu honekin Pello Salaburuk klixeak apurtzen ditu, eta berak ere ihes egiten dio edozein estereotipori. Gogoratu nahi dut liburu honen jatorrizko bertsioa euskaraz pentsatu eta idatzi zuela, bere ama hizkuntzan. Balio unibertsaletatik abiatuta, bere aipuekin eta gogoetekin, liburu bikaina idatzi du, biktimei enpatiaz begiratzen ikas dezagun, askeagoak izaten ausartu gaitezen, iragana begi kritikoz beha dezagun eta etorkizun hobea eraikitzeko.

Urriaren 15ean aurkeztuko da Gasteizen gaztelaniazko bertsioa, 26an Madrilen, 28an Gernika-Lumon, azaroaren 17an Tuteran eta urtarrilaren 15ean Logroñon.