Etiquetas
Datorren ostiralean, urtarrilaren 30ean, Ana Rosa Gomez Moralen “Isiltasuna entzunarazi zuen jestua” (“Un gesto que hizo sonar el silencio”) liburuaren euskarazko edizioa aurkeztuko da Zarautzen, eta, ondoren, solasaldia egingo da.

Liburua gaztelaniaz argitaratu zen 2013an, Bakearen Aldeko Koordinakundea/Gesto por la Paz desegin zenean, eta Gestoren kide izateak zekarren bizipenean eta erakundearen ibilbidea osatu zuten auzi eta printzipioetan barrena egindako ibilbidea da, erakundea sortu zela 40 urte bete direnean. Liburuak balio pedagogiko handia duela deritzogu, bai erakunde bakezaleko garaikideentzat, bai gazteentzat. Garrantzitsua iruditzen zaigu, halaber, irakurle euskaldunentzat eskuragarri egitea, tresna baliagarria baita bizitakoaren memoria duina eraikitzeko eta bizikidetza berreraikitzeko.
Ondoren, Fabian Laespadak moderatutako solasaldia izango da, eta bertan parte hartuko dute Itziar Aspuruk -Gesto por la Paz-eko bultzatzaileetako bat-, Edorta Martinez 18 urterekin Gestoko kide sartu zenak eta Unax Agirrezabal intolerantzia gertutik bizi izan zuen 20 urteko gazteak. Elkarrizketan, gertatutakoaz zer memoria dugun, gazteen artean nola hautematen den eta gaur egungo egoerari zer ekarpen egin dakiokeen aztertuko dugu.
Oroimen duin baten alde Gogoan por una memoria dignak eta Zazpi Kulturak antolatutako ekitaldia, urtarrilaren 30ean izango da, ostirala, arratsaldeko 7etan, Zarauzko Zazpi Kultura-ren egoitzan (Kale Nagusia, 21).