Etiquetas

,

Datorren astelehenean, azaroak 17, Gogoan, por una memoria digna elkarteak «GESTO» dokumentalaren proiekzioa antolatu du bakearen aldeko lehen keinu edo gestoaren 40. urteurrena gogoratzeko. Keinu hori Eskolapioen Ikastetxeko ITAKA kolektiboak antolatu zuen, eta 1985eko azaroaren 26an egin zen Bilboko Plaza Biribilean. Izan ere, ETAk Rafael Melchor García eta José Manuel Ibarzabal Duque militarrak (soldadutza egiten ari zena) eta Isidoro Díez Ratón guardia zibila hil zituen eta hilketa horiek jendaurrean arbuiatzeko egin zen gestoa. Lehenengo biek atentatu bat jasan zuten aurreko egunean Donostian, eta hirugarrenak Pasaian. Ekitaldi hori hurrengo egunean errepikatu ze, ETAk Lasarten José Herrero Quiles guardia zibil erretiratua hil zuelako.

Horrela, Bakearen Aldeko Koordinakundearen hazia erein zen, eta ekitaldi hori Bilboko beste auzo batzuetan eta hainbat herritan egiten hasi zen, lehen keinu edo gesto horren parametro berberekin:

  • Jasaten genuen indarkeriaren arazoarekin lotutako edozein heriotza gertatu eta hurrengo egunean bilkurak egitea, biktima eta egilea edozein izanda ere.
  • Kontzentrazioak isilean egitea, indarkeriaren aurrean batasunaren eta aniztasunaren adierazgarri.

Handik gutxira, 1986ko maiatzean, Bakearen Aldeko Koordinakundea sortu zen, eta herritarrak sentsibilizatzeko bide eta herritarren adierazpide bihurtu zen, planteamendu bateratu eta anitz horretatik abiatuta.

Istorio honen zati bat «GESTO» dokumentalean jasotzen da, “GESTO” 30 urtez bakearen alde eta Euskal Herriko indarkeriaren aurka lan egin zuen euskal bakezaletasunaren memorian barrena egindako bidaia baita. Horrela, Bakearen Aldeko Koordinakundeko protagonistek iraganeko irudiak ikusiz egiten duten bidaldi horrek ikuslea gonbidatzen du talde bakezalearen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak gaur egun ere indarrean daudela deskubritzera. Dokumentalak, batez ere, indarkeriaren aurka modu baketsuan agertu ziren eta pertsona guztien Giza Eskubideen errespetua defendatu zuten herritar guztiak omendu nahi ditu. Emanaldiaren ondoren, Imanol Zubero eta Itziar Aspuru Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide ohiekin solasaldia izango da, Amagoia L. de Larruzeak moderatuta.

Dokumentalaren zuzendaria Xuban Intxausti da eta Fernando Velázquezek jarri dio musika.

Emanaldia Bilboko BBK Aretoan (Gran Vía, 19) izango da azaroaren 17an, astelehena, arratsaldeko 18:30etan. Sarrera doan izango da lekua bete arte.