Etiquetas

Maite Leanizbarrutia Biritxinaga. Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide ohia eta Gogoan-por una memoria digna elkarteko kidea.

Bakearen Aldeko Koordinakundearen garairik kementsuenean 175 isilune inguru egitera iritsi ginen Euskal Herrian zehar, jatorri politikoa zuen indarkeriaren ondorioz heriotza edo hilketa bat gertatu eta hurrengo egunean.

Harria harriaren kontra jo eta txinparta eragin zutenak Eskolapioen ikastetxekoak izan ziren; Bilboko plaza Biribilean elkartu ziren 1985eko azaroaren 26an, aurreko egunean Donostian ETAk hil zituen Rafael Melchor García eta Jose Manuel Ibarzabalen hilketak gaitzesteko. Hori izan zen gure lehenengo jestua.

Sarritan galdetzen diot nire buruari nor izan ote zen Bilboko su txiki hartan zuzia piztu eta Ermuko Orbe Kardenalaren plazara eraman zuena, adibidez, -bertan hasi zen nire bakearen aldeko ibilibidea Gesto sortu eta pare bat urtera- edo Gasteizera, nortzuk izan ote ziren bertako auzoetan pankartak egin eta zabaldu zituztenak? Izan ere, Gasteizen BAKak presetzia zabala izan zuen eta elkarretaratzeak erdialdean (Posta kalean), San Kristobalen, Zaramagan, Lakua auzoan eta Jaurlaritzan, Unibertsitatean, Europa jauregiaren inguruan eta Justizia-jauregian egiten ziren.

Ni Gasteizera iritsi nintzenerako bukatuta zeuden astero-astero kalera atera gintuzten ETAren bahiketak, eta Miguel Angel Blanco ere jada ez zegoen gure artean. Posta kaleko elkarretaratzeetara joaten hasi nintzen eta bai han eta baita Navarro Villoslada kalean alokatuta geneukan lonjan ezagutu nituen Gasteizko Bakearen Aldeko Koordinakundeko lagunak: Juncal, Bego, Xabier, Olga, Manu, Elena, Javi, Antonio, Isabel, Aitor, Pili, Luis, Javi, Estitxu, Mikel, Juanan, César, Jesús, Miguel, Josu eta abar.

Zenbat ikasi dudan nire bizitzan ibilitako bakearen bidean egin ditudan lagunetatik; harri eta oztopo handiak saihestu behar izan genituen arren -bidetik eta kaletik atera nahi gintuztenen oihu, irain, mehatxu eta bultzada eta guzti-, bertan harribitxiak ziren eta diren lagunak egin genituelako.

Eta oraindik orain sinestezina egiten zait nola egin genuen bat hainbeste lagunek, hain anitzek, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak aldarrikatzen zituen printzipio, balore, ekimen eta jarduerekin.  Puzzle baten piezak bagina bezala (bakoitza bere forma, irtengune eta koskekin) gure berezitasun eta helburuak bigarren maila batean utzi genituen beste batzuekin ahokatu eta denok batera bakearen eta bizikidetzaren puzzlea osatzeko. Eta aldi berean gure berezitasunak eta aniztasuna ziren puzzlearen euskarria eta oinarria.

Puzzle horretako piezetako bat Ana Rosa Gómez Moral izan zen, eta berak idatzi zuen sentsibilitatez, maisutasunez eta distiraz asteartean Gasteizen aurkeztuko dugun “Isiltasuna entzunarazi zuen Jestua” liburua. 2013. urtean argitaratu zen gaztelaniaz, eta iaz, gure lehenengo jestuaren 40. urteurrenean, euskarara itzuli eta edizio elebiduna argitaratu zen Gogoan-Por una memoria digna eta Deustuko Etika Aplikatuko Zentroaren eskutik.

“Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide guztiei, haiekin partekatu baitut nire bizitzan beharbada egingo dudan gauzarik adierazgarriena. Hitz bakoitza gutako bat da”  idatzi zuen Ana Rosak eskuzabaltasunez bere liburuaren hasierako eskaintzan, eta ni hunkitu egiten naiz liburu hori irakurri, eta nik bizi izandakoak eta nire ahaleginak eta ideiak bertan hain ondo eta egoki idatzita ikusten ditudanean.

Bakearen Aldeko Koordinakundeak 28 urtetan zehar osatu zuen puzzle horren pieza bat izan bazara inoiz, edo piezetako bat zure ama, aitona edo irakaslea izan zirela badakizu, ez galdu aukera eta zatoz astearte honetan, martxoak 24, arratsaldeko 7etan, Gasteizko Florida parkean dagoen Ignacio Aldecoa kultura etxera. Eta horrela ez bada eta gure historia ezagutu nahi baduzu ere, zatoz.

BAKen historia ezagutzea merezi du, gainera, ondare eta erreminta  paregabeak utzi zituen gizartean bakearen, bizikidetzaren edo beste edozein kausaren alde lan egiteko eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko. Gertatu zena ezagutzeak eta memoria egoki  lantzeak iraganeko akatsez ikasten lagunduko digu etorkizun hobea eraikitze aldera. Eta hori guztioi dagokigu, zuri eta niri ere bai.