Etiquetas
«Gogoan, por una memoria digna» elkarteak solasaldi bat antolatu du irailaren 24rako «Txiki ETA Otaegi: Omenaldia, memoria…» izenburupean. Bertan parte hartuko dute:
– Jose Manuel Bujanda (Txikiren kidea ETAn)
– Kepa Aulestia (analista politikoa)
– Maite Leanizbarrutia (Gogoan, por una memoria digna)

Franco hil baino bi hilabete lehenago Txiki eta Otaegi ETA politiko-militarreko kideak fusilatu zituztenetik 50 urte betetzear direnean eta urteurrenari aurre egiteko ikuspegi desberdinak ikusita, uste dugu beharrezkoa dela gizarteari ekarpen bat eskaintzea giza eskubideen defentsaren eta indarkeriaren memoria deslegitimatzailearen eremutik.
Juan Paredes Manot «Txiki», Angel Otaegi Etxeberria eta FRAPeko Ramón García Sanz, Jose Luis Sánchez Bravo eta José Humberto Baena Alonsoren heriotza-zigorrak kontseilu sumarisimo militarrak eman zituen eta, ondoren, Franco diktadorearen ministro kontseiluak berretsi zituen. Frankismoaren azken exekuzioak izan ziren, bidegabeak eta tragikoak, eta nazioarteko gaitzespen handia eragin zuten. Duela gutxi, 2012an, Txiki eta Otaegi biktimatzat hartu ditu Eusko Jaurlaritzak.
«Gogoan, por una memoria digna» elkartean, Txikiren eta Otaegiren biktima izaera eta aitorpena defendatzen ditugu, baina haien memoria ETA legitimatzeko erabiltzea arbuiatzen dugu.
Jakin badakigu horrek guztiak eztabaida ugari sortzen dituela oraindik ere, fusilamendu horiek giza eskubide oinarrizkoenak ukatzen zituen diktadura errepresibo baten azkenetan gertatu zirelako, eta, horregatik eta argi apur bat emate aldera, gai hauek jarri nahi ditugu mahai gainean: diktaduran eta demokrazian indarkeria erabiltzearen zilegitasuna, indarkeria erabili ez zuten indar antifrankista gehienen jarrera, edo ezker abertzaleak Txiki eta Otaegiri eskainitako omenaldiekin ETAren ibilbide osoa legitimatzeko etengabeko ahalegina (biktimen % 93 1977ko Amnistia Legearen ondoren izan ziren).
Hitzaldi-solasaldia irailaren 24an, asteazkena, izango da, 18:30ean, Bizkaiko Batzar Nagusien Aretoan (Hurtado de Amezaga, 6, Bilbo).