Sabin Zubiri. Gogoan por una memoria digna elkarteko kidea
2023ko udal hauteskundeetako eta 2024ko autonomikoetako gauetan, Arnaldo Otegiren azkenengo mezua honako hau izan zen:
«Gurea marea da, poliki igotzen den marea bat, baina gaur marea oso-oso altu utzi dugu eta marea asko indartu eta hedatu da. Eta zentzu horretan bi gauza esan nahi ditut: Harro hadi, Kantauri itsasoa, gaurko emaitzak izugarriak direlako.”
Politika anglosaxoian dog-whistle politics (txakurrentzako txistu politika) kontzeptua erabiltzen da kamuflatu nahi diren mezu politikoei erreferentzia egiteko, jarraitzaile zuzenak motiba daitezen, gainerakoak uxatu gabe. Praktika engainagarritzat hartzen da, itxurikeria politikotzat.
Otegik urrian mezu berbereko kamisetarekin aurkeztu zuen datozen egunetan egingo den Bilduren kongresu politikoa: “Harro hadi, Kantauri itsasoa”.

Bertso hori Telesforo Monzonen abesti epiko baten parte da, ETAren indarkeriaren akuilatzaile eta mitifikatzaile handienetako bat izan zen Monzon. Eustakio Mendizabal ETAko buruzagiari eskainitako abesti bat da. Polizia frankistak hil zuen 1973an, eta Candido Saseta militar profesional eta gudarien komandantearekin alderatzen da (Candido Saseta 1937an hil zuten Asturiasen, tropa kolpisten aurkako borrokan).
Txikia
Txikia zuen guda izena
bera gizon osoa izan arren.
Mendizabal, Sasetaren hurrena,
biak txiki, bizkor eta lerden.
Saseta hil zen gudarien aurrean,
Mendizabal hil zaigu bakarrik…
Baina biek daukate herri osoa
atzo ta gaur haien atzetik!
Euskadirentzat hil dira ta
gorputzak arantzaz beterik!
Harro hadi Kantauri itsasoa
ta heien betiko loa
betiko kantazak!
Geroari esaiok olatuetan
herri zaharrak ez direla itzaltzen!
Gure haurrek biharko ikastoletan
heien izenak abestu ditzaten,
arantzetan biak hil baitziren!
Herriarentzat biak hil baitziren!
https://www.plentziakantagune.eus/2013/01/txikia.html
Baina hauteskunde gaua euforikoa izan arren, zorionez, gaur egun badakigu ez dela bete Telesforo Monzonek idatzitako nahia, hau da, gure eskoletan ETAko kideen izenak (biktimen %95a Franco hil ondoren eragin zituztenenak) ez dira gudarien izenekin nahasten.
Izan ere, aipatutako engainu politikoa ez zaie zuzentzen soilik terrorismoa erromantizatzeko Bilduren mezu kamuflatuez konturatzen ez direnengana, baizik eta baita ETAko presoengana ere.
Azkenean, espetxe-zigorrak alferrik luzatu ondoren, hamarkadetan auto-debekaturik izan zituzten (Yoyes erailtzeraino), gizarteratze bideei heltzen ari dira. Gauzak horrela, ez dago harrotasun arrazoirik gure Kantauri itsasoarentzat, ezta ia beste inorentzat ere. Gizarteratzeko enpresa sozial eta erlijio-erakundeek erraztutako hirugarren mailen eta irteeren garaiotan, kantutegi epikoarekin jarraitzeak iruzur etiko-politiko bat borobiltzen du.
Lerro hauek Bilduk bizikidetzaren inguruan duen diskurtso bikoitzari buruz hausnartzen laguntzeko asmoa dute, baita herri honetan pairatutako hainbeste giza eskubideen urraketak deslegitimatzen duen euskal memoria demokratikoaren erronkei eta arazoei buruz gogoeta egitekoa ere.